XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sesma-ko kaleak Babel bat bilakatu ziren.

Denak korrika, jauzika, hara eta hona harrapaladan.

Hiriko kainoiak bonbardatzen hasi ziren.

Karlisten zalditeriaren zati batek hiriko atera heltzeko aukera izan zuen eta hantxe bertan bataila gogorra eman zen, baina kristinoak indartsuak izanik, eta kainoikadek karlisten errefortzuak hurbiltzea debekatzen zutenez, erasotzaileak erretiratu egin ziren handik lasterrera.

Baina ez denak.

- Atzera, Aubert!. Baina delako Aubert hark ez zituen bere armada lagunen oihuak entzuten, edo ez zuen entzun nahi erretiratzeko deia eta zoroki jarraitzen zuen gonbatitzen, desarmatua eta preso hartua izan zen arte.

Hiriko atean ekintza hauek gertatzen ziren bitartean, eta kaleetako nahasmendutik ihesi, ostatuan babestu ziren belar biltzailea, gazta saltzailea, zaldi merkataria eta beste hainbat pertsona.

Jendeak, izuturik, ez zuen ia hitzik egiten.

Han barruan, ez zekiten kanpoan gertatzen zenaren berri zehatzik.

Ez zituzten ezagutzen burrukatzen ari ziren armada bakoitzaren indarra eta aukerak.

Ezin zuten asmatu zein bietatik egingo zen hiriaren jabe.

Zehaztasun honek, eta burrukaren gogortasunak, isilik egotera behartzen zuen jendea.

Bakoitza gelaren ertz batean, Ortiz eta Eneko isilik ageri ziren ere, nork daki buruan zeintzu pentsamendu ausnartzen.

Baina hori bai, noizean behin begirada ezkutuak zuzentzen zizkion batak besteari.

Elkarrekiko zelatan zeuden, inolako zalantzarik gabe.